Golden Kamuy: Ainu tribuaren urre bila


“Sugimoto hilezina naiz!”. Golden Kamuyk abenturak, akzioa eta argitu beharreko misterioa biltzen ditu xarmaz betetako pertsonaiekin eta komiki gutxitan aurkituko dugun girotzearekin.

Manganimearen mundura begiratzerakoan shonen, kodomo edo shojo erako obretan pentsatzen dugu. Gaur egun, baina, irakurlego helduagoari zuzendutako lanen gorakada ikusten gabiltza. Seinen generoko tituluetan biolentzia edo sexua ageri ohi dira, bai, baina orokorrean gai errealistagoak eta latzagoak aurkituko ditugu manganimeotan: protagonistak pertsonaia konplexuagoak dira, eta, aurre egin beharreko dilema moralak nahiz erronkak, gogorragoak.

Haurtzaroan borroken shonen animeetan barneratuz ezagutu nituen komiki japoniarrak, beste askok bezala. Zaletasun honetan aurrera egin ahala seinen obren mundura hurbiltzen hasi nintzen. Shonenetan animaziorik ikusgarrienak eta protagonistarik ausartenak dauden arren, seinen tituluetako istorioek benetan harrapatzeko erraztasuna zeukaten, bai aurkeztutako narratibengatik, bai proposatutako ideia bitxi eta berritzaileengatik.

Genero honen baitan Akira, Ghost in the Shell, Dorohedoro edo Neon Genesis Evangelion bezalako zientzia fikziozko istorio sakonak irakur ditzakegu; Chi no Wadachi-n edo My Home Hero-n agertutako istorioak latzak eta gogorrak dira, fantasia kutsurik gabekoak; akzioa ardatz duten, baina aldi berean girotze errealistagoa daukaten Blade of the Immortal edo Choujin X ere adibide bikainak dira; azkenik, nola ez, fantasia iluneko Berserk edo Attack on Titan dira Seinen manganimeen adibiderik ezagunenak.

Jazoera historikoak ardatz hartuta abiatutako komikiak ere badira, noski: hori da Golden Kamuyren kasua. Satoru Noda mangakak 2014an abiatutako eta 2022an bukatutako manga da. Horrez gain, hainbat ekoizleren eskuetatik igarotako animea dauka.

Soldadu hilezina

XX. mende hasieran kokatzen da Golden Kamuy. Manganimeetan zein bestelako esparruetan gutxitan erabilitako testuingurua aurkezten digu: 1904ko Errusia-Japonia Gerra hartzen du abiapuntutzat, jarraian gerra ostean kokatzeko. Urteak baino, kokaleku nagusiak harritzen du; izan ere, Japonia iparraldeko Hokkaido uhartea da kokaleku nagusia.

Mangako lehenengo biñetetan istorioan bete-betean sartuko gara: gerrako batailarik handienetakoan borrokatzen aurkezten zaigu Saichi Sugimoto protagonista. Japoniar soldadua deabrua balitz bezala jaurtitzen da etsaiaren aurka: “Sugimoto hilezina” ezizenarekin, baionetek, balek zein kanoikadek akatu ezin duten gizona dugu.

Gerra ostean Hokkaidora bidaiatuko du soldaduak. Urrea bilatzea da bere helburu nagusia, mendietako ibaietan aberats izateko nahikoa altxor daudela entzun baitu. Gogor saiatu arren, Sugimotok ez du urrerik aurkituko, baina informazio interesgarria entzungo du basoetan ezagutu duen mozkor baten ahotik. Dirudienez, Hokkaidon eta inguruko irletan bizi diren Ainu tribuko kide batzuek 75 kilogramo urre bildu eta ezkutatu zuten aspaldi.

Gizon batek, ordea, altxorra batu zuten Ainu guztiak hil eta urrea lapurtu zuen. Krimen zitalarengatik Abashiri kartzela ospetsuan espetxeratu zuten; zoritxarrez, aurretik 75 kiloak ezkutatzea lortu zuen bilauak. Gizonari plan bat otu zitzaion: lagunei altxorraren kokalekua helarazteko Abashiriko presoei mapa tatuatu zien, ondoren ihes egiteko plana prestatuz. Preso bakarra ez da nahikoa altxorra aurkitzeko, baina: mapa zatituta dago, eta hau irakurri ahal izateko tatuatuen irudiak batzea beharrezkoa da.

Hor hasten da Sugimotoren bidaia: ihes egindako presoak bilatzeko bideari ekiten dio. Lehena ez dago oso urrun… basoetako mozkorrak, istorioa kontatu osteko goizean hilezina hiltzen saiatzen da. Zergatik? Abashiriko iheslarietako bat delako.

Ainu tribua ezagutuz

Testuinguru berezi eta erakargarri honekin hasten da Golden Kamuy. Egia esan, ez dut antzeko girotzea duen beste mangarik ezagutzen. II. Mundu Gerra abiapuntutzat duten istorio mordoa daude, eta are gehiago dira samuraien aroa ardatz dutenak.

Nodak XX. mende hasierako japoniarren kulturan eta historian sakontzen du. Azken samuraiak ageri diren arren, Errusia-Japonia Gerraren ondorioak azaldu, eta bertan borrokatutako soldaduen patuak eta istorioak kontatzen ditu.

Manganimeetan zein bestelako esparruetan gutxitan erabilitako testuingurua aurkezten digu: 1904ko Errusia-Japonia Gerra hartzen du abiapuntutzat.

Ez da, ordea, Golden Kamuyren ardatz bakarra. Japoniarrekin batera Ainu herriko bizilagunen ohiturak eta tradizioak ezagutzeko bide bikaina da manga hau. Japonia iparraldetik eta Errusia ekialdetik —zehazki, Hokkaido eta Sakhalin irletan— sakabanatutako herri desberdinek osatzen zuten Ainuen tribua.

Herri guztiz ezezaguna zen niretzat; zorionez, Nodak lan ikaragarria egiten du hau aurkezteko. Ainuen sukaldaritza, erlijioa, Kotan herrixketako bizimodua, ohiturak eta askoz gehiago sakontasun guztiz marrazten eta azaltzen ditu mangan.

Gozamen hutsa da pertsonaiek erreminta bitxi zein bereziak xehetasun osoz erakustea, jantzi bereziak egiteko prozesuaz mintzatzea, edo, besterik gabe, Ainuen plater desberdinak aipatzea —nahiz eta askok barruak nahas ditzaketen, beti modu dibertigarrian aurkezten ditu—. Egindako ikerketa lana horren sakona da, Sapporon kokatutako Upopoy museoak Nodaren biñetak eta irudiak erabili izan dituela erakusketa berezietan.

Asirpa: istorioaren benetako izarra

Ainuak aipatuta, Golden Kamuyko bigarren protagonista aurkeztu behar da: Asirpa. Lehen atalean azalduko da Sugimotorekin urrea bilatzeari ekingo dion ainua. Neska gaztea bada ere, hasiera batetik bere trebeziaz eta jakinduriaz ohartuko gara: ehizan zein arrantzan iaioa da neskatoa, eta ausart ageri da erronkarik handienaren aurrean. Aldi berean, bere herriko ohitura guztiak jarraitzen eta errespetatzen ditu, baina Asirparen jangurak era guztietako janariak probatzera eramango du Sugimoto —itxura eskaseko misoa barne—.

Horixe bera da manganimearen indargune nagusienetakoa: Sugimotoren eta Asirparen arteko harremana. Bi protagonistak xarmagarriak eta erakargarriak dira beren kabuz, baina elkarrekin sortzen diren dinamikak zoragarriak dira.

Umorez betetako pasadizoak, negar batean utziko zaituzten dramatxoak, eta, ziurrenik, gizon eta neska baten artean manga batek eratutako loturarik ederrenetakoa ikusiko dituzu bi hauekin, aita alaba dinamika hori guztiz alboratuta. Bakoitzak bere izaera, nortasuna eta helburuak ditu, ez dute bestea behar existitzeko… baina batera daudenean istorioko unerik gogoangarrienak biziko ditugu.

Noren alde nago?

Sugimoto eta Asirpa sekulakoak dira, baina zorionez Hokkaidon ezagutuko dituzten gainerako pertsonaiak gidoia bideratzeko eta testuingurua sortzeko bikainak dira. Shiraishi ihesaren erregea, Tanigaki zuzena, Kiroranke misteriotsua, Ogata soldadu gupidagabea, Tsurumi teniente beldurgarria, Hijikata samuraia, Ushiyama zakilen maisua —bai, gero helduko diogu honi—…

Agerikoa denez, pertsonaia sorta anitza eta luzea ezagutuko dugu manganimean, eta gogoangarrienetako batzuk baino ez ditut aipatu. Aipatutako guztiek diseinu eta nortasun ikaragarriak dituzte; ez hori bakarrik, testuinguru aberatsa prestatzen die Nodak.

Ainuen sukaldaritza, erlijioa, Kotan herrixketako bizimodua, ohiturak eta askoz gehiago sakontasun guztiz marrazten eta azaltzen ditu mangan.

Bakoitzaren istorioan murgilduko gara uneren batean edo bestean, eta pertsonaia xarmagarriak nahiz bitxiak direla konturatuko. Onena? Fakzio desberdinak osatuko dituztela: askok Sugimotoren edo Asirparen aurka joko dute, baina horrenbeste gustatuko zaizkigu, euren alde egiteko gogoa eragingo digutela. Hiltzailerik makabroena edo babalastorik maitagarriena izan daiteke; Nodak berebiziko lana egiten du guztiekin.

Lehen esan dudan moduan, ez gaude shonen istorioaren aurrean, Golden Kamuy helduentzako seinen manga dugu. Hortaz, ahaztu zentzu gabeko power-up transformazioak eta bestelakoak. Dueluetan ikusiko ditugun kolpeek eta aiztokadek ondorioak dituzte: ezin jakin gure protagonisten patua zer nolakoa izango den. Horrek larritasuna eransten dio gidoiari, eta edozein istilurekin urduri jarriko gara.

Hinna, hinna!

Zakilen maisua aipatu dut lehen: Golden Kamuyren umore bereziaren adibideetako bat baino ez da. Une benetan surrealistak eta zoroak biziko ditugu Sugimotoren abenturan. Spoilerretan sartu gabe, sexua eta biolentzia uztartzen dituen momentuak daude, baina baita umorerik atseginena eta zuriena ardatz dituen pasadizoak ere.

Asirpa mainak egiten ageri daiteke Sugimotoren miso oreak nazkatzen diolako, hurrengo orrialdean agertu berri den gizon baten titiburuekin txantxak egiten hasteko… eta adibiderik xumeena da, ez naiz bat-batean azal daitezkeen eszena homoerotiko surrealistekin hasiko. Atalik serioenak une umoretsuekin bateratzeko gaitasun berezia dauka Nodak. Ezin dezaket beste titulu batekin alderatu: irakurri baduzue, adierazi nahi dudana ulertuko duzue.

Biolentzia maila handia ageri da bere orrialdeetan, hori bai: Nodak ez dauka beldurrik odola, tiroketak, ezpatakadak eta hesteak erakusterakoan. Lehen atalean hartz batek guztiz larrututako pertsona ikusiko dugu, adibidez, eta askoz eszena gogorragoak daude: Sugimoto hilezinaren ezizenaren zergatia behin eta berriz ikusiko dugu.

Laburbilduz, komikiak ez du inolako lotsarik. Lelokeriarik barregarrienak eta astakiloenak ageriko dira behin eta berriz, baina gidoiak 180 graduko bira eman dezake edozein momentutan. Irakurlea harritzeko trebezia daukate Sugimotok eta Asirpak, ezin jakin nondik datozen eta nora joko duten.

Mangakak marrazteko duen esku ona ere aipatu nahiko nuke. Protagonisten diseinu apartari xehetasunez betetako orrialdeak eta biñetak gehitu behar zaizkio. Nodaren estiloak errealismorantz jo dezake, adibidez animaliekin eta kokalekuekin, baina pertsonaiak marrazterakoan bere estilo berezia dauka. Antzekoa gertatzen da ainuen tresnak erakusterakoan. Arlo guztietan lan borobila da Golden Kamuy.

314 atal eta 5 denboraldi

Arestian esan bezala, manga dagoeneko bukatutzat eman du egileak: 314 atalekin, sona handieneko komikiak baino pixkat motzagoa da. Halere, testuz betetako orrialdeekin topo egingo dugu; ez dira azkar batean irakurtzeko atalak. Erritmo bizia dauka, eta ez du denborarik galtzen akzioa aurrera eramateko; gainera, gidoiaren izaera kaotikoarekin edozer gauza jazo daiteke orrialde batetik bestera. Laburbilduz, nahiz eta istorioren bat edo beste luze egin daitekeen, gatibatuta mantenduko gaitu.

Ahaztu zentzu gabeko power-up transformazioak eta bestelakoak. Dueluetan ikusiko ditugun kolpeek eta aiztokadek ondorioak dituzte.

Animea, bestalde, azken txanpan sartzekotan da. Ekainean Golden Kamuy: The Last Chapter iragarri zuten; bosgarren eta azken denboraldia izango dena, alegia. Animazioan gorabeherak dituen arren, kalitate handiko ekoizpena da. Bukatzear dagoenez une aproposa da telesailari ekiteko: irakurritakoak zuen interesa erakartzea lortu badu, ez izan zalantzarik.

Golden Kamuyk ez du sekulako arrakastarik izan, mendebaldean behintzat. Uda honetan Japoniara egindako bidaian harritu egin nau hainbat lekutan ikusteak, ordea: Shonen Jump-en saltoki ofizialetan Dragoi Bola, One Piece, Naruto nahiz beste izen handi guztiekin batera zeuden Sugimoto eta Asirpa. Kabukicho Tower bezalako gune turistikoetan mangan oinarritutako jolasak eta bestelakoak ikusi nituen. Azken urteetan indarra hartzen ari denaren seinale.

Manganime berezia, bakarra eta xarmagarria bilatzen baduzue, ez ezazue Golden Kamuy alboratu. Azken urteetako obrarik berezienetakoa sortu du Satoru Nodak.


Utzi iruzkina

Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez