Badaukagu katalanengandik zer ikasi, bai horixe!


Azken egunotan kataluniar animezaleak pozez zoratzen daude, eta arrazoirik ez zaie falta, izan ere umeei zuzendutako ‘Super3’ katea zeharo eraberrituta dator, gazteengan ere pentsatuz anime-katalogo biziki erakargarri bat eskainiz.

Azken urteotako hainbat anime arrakastatsu katalanez bikoiztuta estreinatuko dira, hala nola, ‘Haikyuu‘ (1-4 denboraldiak), ‘Els Guardians de la Nit‘ (Kimetsu no Yaiba) (1. denboraldia) eta ‘My Hero Academia‘ (Boku no Hero Academia) (1. filma).

Baina hori ez da dena, izan ere anime zaharragoen alde ere apostua egin dute, eta goian aipaturiko animeez gain ‘Inazuma Eleven‘ (127 atal) eta ‘Ronja‘ (Sanzoku no Musume Ronja) (26 atal) ere estreinatuko dira.

Eta noski, ez dezagun ahaztu hainbat joan-etorri eduki dituen ‘El Detectiu Conan‘ (Meitantei Conan) arrakastatsua ere, lehendik zeuzkan 925 atalei 100 atal berri gehituko dizkiona, Japoniar emisiotik atal eskasetara geratuz.

Hau guztia aurreko lorpenei gehitu behar zaio, izan ere azken urteotan zinemetan hainbat anime-film arrakastatsu katalanez bikoiztuta estreinatu dira, euskaraz bakar bat ere iritsi ez zaigun bitartean. Aurten estreinatu diren filmak errepasatuz zerrenda anitza eta interesgarria ateratzen da: ‘Buscant la Màgica Doremi‘ (Majominarai wo Sagashite), ‘Belle‘ (Ryuu to Sobakasu no Hime), ‘The Deer King: El rei cérvol‘ (Shika no Ou), ‘El Detectiu Conan: La núvia de Halloween‘ (Meitantei Conan: Halloween no Hanayome), ‘Fins aviat, Don Glees!‘ (Goodbye, Don Glees!), ‘Bola de Drac Super: El Superheroi‘ (Dragon Ball Super: Super Hero) eta udazken honetan estreinatuko diren ‘One Piece Film Red‘ eta ‘Evangelion 3.0+1.0‘ (Shin Evangelion Gekijouban: ||).

Streaming-plataformetan ere katalaneren presentzia gero eta handiagoa da. Zinemetan estreinatu diren bikoizketa asko dagoeneko plataformetan ikusgai daude, eta badira zuzenean plataformetan estreinatu diren bikoizketak ere, ‘Her Blue Sky‘ (Sora no Aosa wo Shiru Hito yo) filmarena esate baterako.

Argi dago katalanek haien anime-katalogoa handitzeko etengabe lanean dihardutela, hemen ez bezala. Izan ere azken hamarkadan ez da animerik euskaratu, ‘Doraemon’en atal gutxi batzuk telebistan eta ‘Dragoi Bola’ren 3 film zinemetan salbu, eta noski, erreferente asko galdu dira. Egoera ez da batere atsegina, eta animea erdaraz kontsumitzera behartuta sentitzen gara, geure hizkuntzarekiko daukagun lotura ahulduz.

Azken urtean euskararen egoera hobetu nahian hainbat ahots entzun dira, hala nola ‘Pantailak Euskaraz‘ ekimena. Ikus-entzunezkoen aldeko ekimen honek euskara streaming-plataformetara iristea lortu du, Netflixen eta Prime Videon serie eta pelikula kopuru bat bikoiztu eta azpidatzi dadin akordio bat sinatuz, eta oso lorpen garrantsitzua da. Hala ere euskararen normalizaziorako oraindik bide luzea dago, bikoizten den kopurua oso txikia da, eta egoera salatzeko atzo Donostiako zinemaldiaren aurrean elkarretaratze bat egin zen.

Animeari dagokionez, ordea, oraindik ez da ezer euskaratzea lortu. Plataformetan bikoiztea edota azpidaztea lortu diren gauzen artean ez da animerik ageri, ezta zinemetan estreinatzen diren gauza apurren artean ere. Baina ez dugu itxaropena galdu behar. Katalanek posiblea dela erakutsi digute. Animea euskaraz posiblea da, duela bizpahiru hamarkada posiblea izan zen bezalaxe.

,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Create your website with WordPress.com
Hasi zaitez
%d bloggers like this: